Iritzia
9. linea. Rue de la Pompe.
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia

Ipurdi lodia bagoiaren erdiko atetik sartu da. Beste hainbat ipurdirekin egin du topo, jendez mukuru baitago metroa. Bakeroetan estu-estu sartuta doan ipurdi zut eta harroxko bat ikusi du lehenbizi, albo batera eta bestera mugitzen, bere jabe ipurtarinak kaskoetatik entzuten duen musikaren erritmora. Ipurdi lodiak igurtzialdi arin batekin agurtu du bakeroduna, eta aurrera jarraitu du, abagune bat ikusi baitu, agure baten uzki zimelaren eta kirolari baten popa fin eta lirainaren artean.
Ipurdi lodia arrunt lodia da, egiazki. Bere jabeak uste duena baino dezente lodiagoa, eta abagune horretan sartu ahal izateko, uzki zimelari eta ipurdi kirolariari bultza egin behar izan die.
Gibeletik so eginez gero, ipurtalde ederra osatzen dute: agure baten haragi iharraren eta kirolariaren masaila gihartsuen artean, gure ipurdi lodia, loredun soineko fin batek estalia. Irudi orekatua eta edertasunez betea. Poetikoa kasik.
Metroa hurrengo geltokira iritsi eta geldialdia egin du. Trenaren balaztak eragindako astinaldiaren ostean, ipurmamiak euren artean borrokan hasi dira, lehena nor aterako. Tanga arrosa praken gainetik agerian daraman ipurdi finfirinak bultza egin dio trajedun ipurtandi bati, eta honek gibelerat egin du, gona estu batean sartu ezinik zihoan ipurmami mamitsuarekin estropozo eginez. Momentuko estualdiaren ostean, bagoia erdi hutsik gelditu da bat-batean: Gure ipurdi lodia, soineko loredunean sartuta, eta aurrean, orain artean ikusi ez zuen popa dotorea. Panazko prakek tinkotasun berezia ematen diote. 50 urte izanen ditu, baina masailen irmotasuna ikusita, edonork nahastuko luke gaztetxo baten ipurdi koxkorrarekin.
Loredun soinekoa daraman ipurdi lodiaren jabeak desiraz begiratu ditu gluteo gogor horiek, eta aldamenean eserleku bat libre gelditu dela ikusi du. Zabuka abiatu da ipurdi lodi loreduna, jarleku horretan bermatu ahal izateko... eta panazko prakadun ipurmasail lerdenen ondoan egoteko, noski.
Elkarren ondoan daude orain ipurdi biak. Lore-soinekodun ipurdi lodia eta panaz jantzitako uzki irmoa. Bata, eserita, jabearen pisuak jarlekuaren kontra zanpatzen duen bitartean; zutik bestea, prakak duintasun osoz betetzen.
Soineko loreduna daraman ipurdiaren jabeak istant hori sekula ez amaitzea nahiko luke, eta haragi sendo horren aldamenean betirako izan. Baina hurrengo geltokira iritsi dira. Zalaparta betean, metroa gelditzearekin batera, panazko prakadun ipurdia estazioko gainontzeko uzkien artean galdu da. Loredun soinekoa daraman ipurdiaren jabeak panazko masailak segundu bakar batez ikusi ahal izan ditu, estazioko eskaileretan gora zihoazen bitartean. Ipurdi perfektu horren kulunka hipnotikoak liluratua dago, baina kirrinka batez metroaren ateak itxi dira berriz ere. Dena ilunpean gelditu da.
Olentzero; zahar eta berri
Ana Telletxea-k idatzia
Olentzero han eta hemen. Urtero gure artera dator, herri zein hiri. Haren aitzakiaz biltzen da familia ugari urteak akabuko egunak dituen horietan. Ohiko hitzordu bihurtu den honek sakoneko esanahi asko ditu; jatorriz sarbide-erritu gisa ulertua zenak gaur funtzio jakin batzuk ditu.
Olentzero, pertsonaia baino gehiago da. Umetasunaren, haurtzaroaren nostalgia eta malenkonia da. Rainer Maria Rilke poetak esan zuen behin: “gizakiaren egiazko aberria haurtzaroa da.” Eta ez zebilen oker.
Nola ulertzen ditugu urte bukaerako egun hauek umeek eta helduek? Azaleko itxuraren azpian bada beste irakurketa osoago bat.
Egungo kultura komertziala kontuan hartuta, logikoa deritzot, batetik, ospakizunei dagokiela bertakoari eustea, kanpokoari baino. Santa Claus urruti da guretzat, eta interes komertzial gordinez berrinterpretatutako gizon ilezuria are urrunago (eta ez espazialki hain zuzen). Jakin badakigu gurean oraino ere euskal ohituraren jarraitzaile izan nahi ez dutenak ugari direla. Tamalez, ikazkina eta bere ingurunea gizartean hartzen ari den tokia justifikatzen ibili behar izan dugu inoiz. Baina... Belenera begiratzea baino gauza zaharkituagorik?
Errepide ertzeko kafetegia
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia
Jakesen zain nengoen eta hasia nintzen kezkatzen. Hamaiketan geldituak ginen; hamabiak hamar gutxi, zioen erlojuak. Beste aukera bat emanen niola zin egin nion neure buruari, eta han gelditu nintzen. Zain. Barraren gainean, nire aldamenean, hiru kafe katilu zeuden. Hirurak erdi hutsik. Eta hautsontzia, zigarrokinez mukuru. Bizpahiru txokor eta mutxikin alboratu nituen, errauts piloan nire zigarroa itzali ahal izateko. “Beste kafe bat, mesedez” irribarretsu batez zuzendu nintzaion barraren bestaldeko zerbitzariari. Mutil gaztea, beltzarana eta nahiko atsegina (azken hau halabeharrez, seguruenik). Eta goapoa. Kafe-makinatik itzuli zenean berarekin sasi-elkarrizketa bat mantentzen saiatu nintzen, aldi berean xarmangarri eta patetikoa zen irribarrea ezpainetatik ezin alboratuta. Ez nuen berarekin ligatu nahi, benetan. Hala uste dut behintzat. Urduri nengoen, horixe zen dena. Kafetegiaren ondoan zegoena 121 errepidea ote zen galdetu nion. Ez al nintzen bada okertuko? Agian Jakes beste errepide bateko kafetegian zegoen, nire zain. Baina ez. Zalantzarik gabe, 121 errepidean nengoen. 250. kilometroan. Hitzartutako kafetegian. Bera ez, ordea.
Hamabiak eta laurden. Kafe hondar epelak katilu batetik bestera pasatzera jostatzen ari nintzela, familia dotore bat sartu zen kafetegian. Kanpoan hogeita hamar gradutik gora egingo zuen baina senarrak jaka beltza eta gorbata zeramatzan. Emazteak udako soineko arin eta loreduna. Maukarik gabekoa. “Sport casual, informal eta elegante aldi berean”, pentsatu nuen, eta barreari eutsi behar. Hiru haur: bi neska eta mutiko txikia. “Opusekoak. Seguru”.



