2. Linea: Pigalle
Ion Orzaiz Galarza-k idatzia
Michel estazioaren mutur batean dago; Pauline, bestean. Esperoan dira, hurrengo trena noiz etorriko. Zeharkako begiradatxoak bota dizkiote elkarri behin baino gehiagotan. Begi-kolpe laburrak, lotsatiak, kukuka ari diren horietakoak. Batak bestearen presentzia nabaritzen du uneoro. Badakite hor direla biak. Bakar-bakarrik. Esperoan, hurrengo trena noiz etorriko.
Paulinek mutilaren sorbaldetan pausatu du begirada. Istant batez, aurpegira so egitea otu zaio, baina Michelen niniekin topo egin du bat-batean, eta burua beheratu behar izan du, zapatilen lokarriak zehatz mehatz aztertu nahi izanen balitu bezala. Ezin irribarrea ezkutatu. Michelek ikusi du neskaren keinu bihurria, eta berari ere irriñoa marraztu zaio ezpainetan. Apur bat hurbildu da, paretan zintzilikaturik dagoen metroaren planoa ikusteko aitzakiarekin. Jakina, planoari ez dio jaramonik ere egin (bizitza osoa Parisen eman ondoren, nola ez ditu bada linea eta geltoki guztiak ezagutuko!), eta berehala paratu da neskaren aldamenean. Pauline ez da aldendu.
Gorbatadun talde bat builaka jaitsi da metro estaziora. Ostiralean egin zuten laneko bazkariaz ari dira. Altu. Altuegi. Michelek kopeta ilundu du, amorratuta. Neskarekin zuen memento intimoa hautsi dute ahobero zalapartatsuek.
Metroa berehala heldu da, kirrinka eta harrabots artean. Ate beretik sartu dira Pauline eta Michel.
Trenaren kulunkari esker, Paulinek mutilaren esku leuna ferekatzen du noiz edo noiz. Nahi gabe eginen balu bezala, Michelen hatz-koskorrak eztiki zeharkatzen ditu. Mutilari bihotza eztarritik igo eta ahotik aterako zaiola iruditzen zaio. Bat-batean, eskua eman dio Paulineri. Eta honek ez du eskua kendu, ez dio mutilaren bostekoari muzin egin. Ez du zirkinik ere egin.
Metroaren fluoreszenteak piztu-itzali etengabean ari dira. Gainontzeko bidaiariek begirada galdua dute, leiho beltzetan horizontea ikusiko balute bezala. Inork ez die kasurik egiten bi gazteren ferekaldiei. Leuntasunez, Michelek Paulineren eskuineko izterrean pausatu du eskua. Neskak odola bor-bor nabaritu du aurpegian, bere bihotzaren taupada burrunbatsuen erritmora. Metroan doan jendeak ere entzungo duela uste du. Entzun BEHAR dute, berak buru barnean entzuten duen bezala. Tap-tap, tap-tap, tap-tap... Aurpegiko berotasuna sabelaldera pasatu zaio orain, eta handik, hankartera egin du ihes, bidean neskaren gorputz osoa blaituz. Mutilaren eskua hartu du orduan, eta bularraldean jarri du. Orduan bai, orduan mutilak ere nabaritu ditu neskaren taupadak. Beste zerbait ere sentitu du, galtzapean hazten. «Honek ezin du asko iraun», pentsatu du, «bestela jendeak “kanpin-denda” hau ikusiko du». Pentsamendu horrek izua eragin dio, baina aldi berean, kitzikapena handitu. Hankarteko gogortasuna Paulinerekin partekatu nahian-edo, eskutik heldu dio, eta zakilean jarri ditu neskaren hatzak. Honek praketan barna sartu du eskua, eta mutilaren buztana igurzteari ekin dio. Ordurako bata bestearen aitzinean dago, aurrez aurre. Ez da airerik pasatzen bien artean. Mutilak neskaren bularrak askatu eta beheranzko bidea hartu du. Kamiseta azpitik, sabelean gelditu da, eta bertan zirkuluak marraztu ditu zilborraren inguruan. Espiralean, kuleroetan behera doazen zirkuluak. Kuleroen oihal finarekin apurtxo bat jostatu ondoren, hatzak Paulineren kiribil beltzetan korapilatu ditu. Neskak hasperen txiki bat egin du Michelek bere gorputzeko sarraila topatu duenean, baina berehala mututu da. Ez du inor konturatzerik nahi. Jendea, ordea, konturatzen hasi da. Metroaren ate ondoan dagoen nerabe koadrila bat begira dute, irri artean. Handik metro gutxira, eserita doan emakume zahar batek muturra okertu du, ezeko keinuak eginez.
Extasirako bidean, ordea, Michelek eta Paulinek ez dute aldameneko ezezagunen keinuak neurtzeko arretarik, ezta gogorik ere. Pigalleko estaziora iritsi baino lehen amaitu dute biek ala biek. Bikotea soilik jaitsi da. Gainontzeko bidaiariak marmarrean gelditu dira trenean. Paulinek gerritik hartzen du orain Michel, eta mantso-mantso doaz, geltokiko eskaileretan gora.
–Hurrengoan, laztana, beste toki batean egin behar dugu. Gaurkoan metrotik bota gaituzte ia, eta aurreko astean errieta egin zigun segurtasun arduradunak. Hura lotsa!
–Bale, baina ez esan kitzikagarria izan ez denik! Hurrengoan, nahi baduzu, etxean geldituko gara. Dena den, zuri tokatzen zaizu aukeratzea.













