Bannerra

«Beti hastapenetan dabilen taldea gara»


BarricadaBARRICADA • Rock taldea

Testua: Ion Orzaiz Galarza
Argazkiak: Josu Santesteban

Badirudi ibilbide luzeko rock izar gehienak “greatest hits” eta halakoak argitaratzera mugatzen direla, behin izandako arrakasta apur bat gehiago zukutu nahian. Ez da Barricadaren kasua. 1936ko Gerra Zibila oinarri hartuta, disko kontzeptuala ondu dute, garaiko literatura eta poesiaren erreferente nagusien ildoa jarraituz. Izenburua: “La tierra está sorda” (gor dago lurra), Luis Cernudaren olerki batetik hartutako bertsoa. Kasu: lan malenkoniatsu eta lasaia espero dutenek hobe dute beste zer edo zer entzun, diskoak egurra emanen baitu. Abisatuta zaudete.

Diskoa grabatu berri duzue. Ze fasetan zaudete memento honetan?

Alfredo Piedrafita: Itxaroteko fasean gaude [barrez]. Diskoa urriaren 20an kaleratuko dugu eta, eguna iritsi baino lehen, azken xehetasunekin ari gara: portada definitiboa aukeratu, diskoarekin batera joanen den liburuxkari azken ukituak eman, eta abar. Hori guztia aste honetan bertan amaitzea espero dugu. Egia esan, unerik txarrenean gaude, itxarotea besterik ez baitzaigu gelditzen.

Boni: Hau izan da diskoa grabatu eta masterizatu ondotik gehien itxaron behar izan dugun aldia. Disko berezia da guretzat eta, azken egunean presaka eta korrika ibili baino, nahiago izan dugu dena patxadaz prestatu.

Disko berezia, benetan. 36ko Gerra eta San Cristobal gotorlekuko ihesaldia hartu dituzue abiapuntu disko kontzeptuala ontzeko. Nola bururatu zitzaizuen ideia hori?

Drogas: Lehenik eta behin, gaiarekiko geneukan ezjakintasun propioa onartu nahi izan genuen. Betidanik bizi izan gara Ezkaba mendiaren magalean, eta duela gutxira arte ez gara San Cristobal gotorlekuan gerta tu zenaz enteratu. Orain dela hiru urte, Iñaki Alforjak eta Felix Sierrak dokumentala eta liburua argitaratu zituzten, Gerra Zibilean Ezkaban gertatutakoa salatuz, eta gaiari buruz gehiago jakin nahian, Jimeno Jurioren liburuak irakurtzera lotu nintzen. Hausnarketa sakonagoa egiten hasi eta ezagun askori esker material gehiago eskuratzea lortu nuen: liburuak, dokumentuak, etab. Garai hartako errepresioa sistematikoa izan zela ikusi nuen, eta ez ustekabekoa edo garrantzirik gabekoa, Cesar Vidal edo Pio Moa bezalako sasi-adituek aditzera ematen duten bezala. Horiei biei eta beste hainbat gezurtiri kasu eginez gero, badirudi emakumeak bortxatzea, akainbelar olioa irentsi araztea edo ilea larru-arras moztea herrietako biztanleen bihurrikeriak besterik ez zirela. Hor ditugu ere Vallejo Najeraren ikerketa psikologikoak, marxismoa gaixotasun mental gisa definituz; elizak altxamendu militarrari emandako babesa... Mundu horretan geroz eta gehiago murgildu, orduan eta gehiago konturatu nintzen oso gutxi dakigula gure historiaren pasarte beltz horren inguruan. Horregatik, disko berriko abesti bakoitza Gerra Zibileko gertakari edo pertsonaiaren batean oinarritzen da: bata eraildako irakasleen omenez, bestea Estatu espainolean eraiki zituzten 180 kontzentrazio-eremuei buruzkoa, eta abar.

Argi dago dokumentazio lan itzela egin behar izan duzuela lan honetan...

Drogas: Bai, hiru urte eman ditugu. Nik neuk asko irakurri dut gaiari buruz. Guztira, proiektuarekin hasi ginenetik, 75 bat liburu irentsi ditut: historia li buruak gehienak, baina baita Luis Cernuda, Leon Felipe, Federico Garcia Lorca, Pablo Neruda edo Maiakovski bezalako idazle eta poeten lanak ere. Horregatik, diskoarekin batera, Gerra Zibilaren inguruko bibliografia zabal bat eta adituen testu zein aipamenak biltzen dituen 200 orrialdeko liburua kaleratuko dugu. Gaiari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat, lan hau lehenengo pauso bat izan daiteke, liburuxkak erreferentzia bibliografiko piloa biltzen duelako; baina bestalde, diskoa entzun eta kantuen hitzak leitu besterik egin nahi ez duenak horretarako aukera ere izanen du, noski.

200 orrialde? Liburuxka baino, historia liburu mardula dirudi.

Drogas: Bi zatitan banatuta egonen da. Alde batetik, lehen aipatu dizudan bibliografia zabala, garai hura intelektualki oso aberatsa eta emankorra izan zelako; eta bestetik, gaiarekin zerikusia duten 18 pertsonek beren ekarpena egin dute, idazki moduan. Hortxe dira, besteak beste, Javier Rodrigo, Julian Casanova, Iñaki Alforja, Susana Costa, Helena Taberna, Ernesto Carratalá...

 

Azkenaldian, musikari askok estrak edo opariak sartzen dituzte euren lanetan, pirateria ekidin nahian. Zuek ere halako zerbait lortu nahi duzue liburuxka horrekin?

Drogas: Ez dakit zeintzuk izanen diren Warner gure diskoetxearen asmoak. Seguruenik, lehenbiziko edizioa guk nahi bezala aterako dute, liburuxka eta guzti, baina gerora, edizio merkeago bat kaleratuko dute, ahalik eta gehien saltzeko. Guk nahiago “La tierra está sorda”-ren ale guztiak liburuxkarekin batera banatuko balituzte, proiektuaren kalitateak kezkatzen gaituelako. Orain arte, gure disko guztietan kalitatea zaindu nahi izan dugu, musikatik hasita portadaren azken xehetasunetara. Beste modu batera eskuratu ezingo luketen materiala eskaini nahi diegu entzuleei.

 

Barricada rock taldea

 

Argi dago disko kontzeptualaren jatorrizko ideia Drogasena izan zela... Nola erreakzionatu zenuten gainontzeko taldekideek burutazio hori lehen aldiz entzutean?

Alfredo: Duela hiru urte sortu genituen lehenbiziko abestiak. Memento horretan bertan, Drogas murgiltzen hasia zen 36ko Gerraren munduan, eta kantuon hitzak gai horren inguruan idatzi zituen. Hasierako abesti horiek nahiko ongi gelditu zirela ikusita, disko osoa bide beretik eramateko proposamena egin zuen, eta gainontzeko guztiek onespena eman genion.

 

Dena den, bitxia dirudi errepidean 27 urte daramatzan talde mitiko batek disko kontzeptualen bidea jorratzen hastea. Esperimentu horiek ez al dira hasiberrien kontua?

Drogas: Barricada beti hastapenetan dabilen taldea da [barrez]. Niri, pertsonalki, oso interesgarria iruditu zitzaidan hitz guztiak gai beraren inguruan idatzi behar izatea. Beste gai batzuk ere aukera genitzake: genero indarkeria, adibidez, edo dena utzi eta beste herrietara laguntza ematera doazen solidarioak, edo zibilizazio gehienetan emakumeek pairatzen duten jazarpena eta bazterkeria, edo... nik zer dakit. Dena den, ez nago kalimotxoari buruz, haxixari buruz edo auzoko neska-puskaren ipurdiari buruz abestearen kontra. Kantu horiek, ordea, beste norbaitek egin ditzala. Nik gustukoago ditut beste istorio batzuk, ikertzeko eta konposatzeko orduan gehiago asebetetzen nauten istorioak.

 

Hitzen afera albo batera utzita, musikaz hitz egin dezagun. Zer topatuko dugu lan berri honetan?

Alfredo: Diskoak Barricadaren zigilua izanen du, zalantzarik gabe. Beti saiatu izan gara diskoetan berritasunak sartzen, baina gure ukitu pertsonala galdu gabe. Gerra Zibilari buruzko disko bat kaleratuko dugula esaten dugunean, jendeak pentsatzen du abesti guztiak lasaiak, malenkoniatsuak eta akustikoak iza nen direla; hau da, kantautoreen ildotik joko dugula. Oker dabiltza. Diskoak kantu akustikoagoak izanen ditu, bai, baina baita “kañeroak” eta bizkorrak ere. Hitzen aldetik, hunkigarria izanen da, baina musikari dagokionez, Barricadaren lan bat izanen da eta egurra emanen du.

 

Diskoa Nafarroan grabatu zenuten, baina nahasketak egiteko Finlandiara joan zineten. Zer bilatzen zenuten han?

Ibi: Soinu ezberdina lortu nahi genuen, Barricadak orain arte izan duen soinuarekin nolabait apurtu. Horretarako, bi aukera aztertu genituen: bata, San Frantziskora, Kalifornia aldera joatea; bestea, Finlandia, Suedia edo Danimarkara. Eta egia esan, Europako herri batera joateak gehiago erakartzen gintuen. Izan ere, Eskandinaviako lurretan egin izan diren rock diskoak izugarri gustatzen zaizkigu. Hori izan zen Finlandiara joatearen arrazoi bakarra eta, egia esan, bidaiak merezi izan du.

 

Alfredo: Bestalde, kanpoko ekoizle batek zure kantuei beste interpretazio bat ematea ona da, freskotasuna eransten dielako. Hala ere, funtsezko lana hemen egin genuen. Diskoa patxada osoz grabatu genuen, hiru hilabete luzetan, inolako presiorik gabe, eta hori ere nabari da.

 

Ibi: Egia da. Finlandian egindako nahasketa bikaina izan zen, baina diskoak, lehendik ere, oso itxura ona zeukan. Hemendik kristoren soinu puskarekin atera zen, eta egia aitortzearren, Ikerrek [Iker Piedrafita, Alfredoren semea eta diskoaren ekoizlea] sekulako lana egin zuen.

 

Alfredo: Nahasketak oso gaizki egin beharko ziratekeen halako soinua izorratzeko, baina ez zen halakorik gertatu. Finlandiarrek beren ukitu propioa eman zieten abestiei, eta hori zen, hain zuzen, bilatzen genuena: Soinu nordikoa, eskandinaviarra. Hemen oso ezaguna ez bada ere, Europako Iparraldean duten kultura “rockeroa” txundigarria da.

Logo Barricada

 

Hasiak al zarete zuzenekoetan pentsatzen?

Ibi: Bai, datorren urteko biraren zuzenekoak disko berrian oinarritu nahi ditugu. Emanaldiek bi zati izanen dituzte: alde batetik, lan berriko kantu guztiak joko ditugu; eta bestetik, bost minutuko atsedenalditxo baten ostean, gure klasiko eta abesti ezagunak. Kontzertu luzeak izanen dira.

 

Alfredo: Gutxienez, bi ordu eta erdiko ikuskizunak izanen dira.

 

Drogas: Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula [barre algara orokorra].

 

Barricada taldeaHogeita zazpi urteren ostean, denetarik egin duzue: disko elektrikoak, disko akustikoak, bira amaigabeak, Rosendo bezalako artistekin kolaborazioak, disko kontzeptual bat... Barricadari zerbait gelditzen al zaio probatzeko?

Drogas: Ez dakit. “Latidos y mordiscos” [taldeak 2006an kaleratutako disko bikoitz akustikoelektrikoa] atera genuenetik, guretzat berriak eta ezezagunak diren proiektuei ekin diegu. Disko horren zati akustikoa sekulako erronka izan zen guretzat, moldaketa piloa egin behar izan genuelako, laguntza eskatu genien beste musikari eta lagun zenbaiti, eta abar, baina emaitzarekin pozarren gelditu ginen. Horren ostean, taldearen 25. urteurrena etorri zen, eta hori ospatzeko, kutxa dotore bat atera genuen, geure bideo eta telebistako emanaldi guztiak biltzen zituen DVD batekin eta geure disko guztietatik ateratako abestiekin osatutako CD batekin. Disko bakoitzetik kantu bakarra hautatu behar izan genuen eta, hori gutxi balitz, aukeratutako abesti guztiak berriro grabatu genituen entsegu-lokalean. Ohiko lan erritmotik urruntzen gaituzten ekimenak dira. Lan batetik bestera hautsak apur bat harrotzea gustuko dugu, gure lan egiteko modua apurtxo bat irauli, disko guztiak berdinak izan ez daitezen.

 

Boni: Estudioko azken diskoa “Hombre mate hombre” izan zen (2004), eta jendeak sarritan galdetzen digu: “Zergatik ez duzue ezer berririk atera bost urtetan?”. Tira, agian ez dugu kantu berririk kaleratu, baina hamaika proiektu ezberdinetan murgilduta ibili gara. Lan asko ematen duten ekimenak dira, eta ezin dira egun batetik bestera prestatu.

 

“La tierra está sorda” diskoa argitaratzean, Warner konpainiarekin sinatuta duzuen k o n t r a t u a amaituko da. Zer egin behar duzue hemendik aitzinera? Auto-ekoizpenera jo, beste talde batzuk egin duten bezala?

Ibi: Memento honetan, diskoa kaleratzeaz gainera, beste asmorik ez dugu.

 

Alfredo: Argi dago diskoetxeak hondoratzen ari direla, sistema hori pikutara doala eta autogestioaren bidetik beste aukera batzuk aztertu behar ditugula, baina oraindik ez dugu halako erabakirik hartu. Etorkizuneko erronka izanen da, baina unetxo hau disfrutatu nahi dugu lehenbizi.



Zabaldu
Reddit! Del.icio.us! Mixx! Free and Open Source Software News Google! Live! Facebook! StumbleUpon! TwitThis Joomla Free PHP

Multimedia

Euskara kultur elkargoa

Bannerra

Koldo Mitxelena

Bannerra
Copyright-a © 2010 Open Source Matters. Eskubide guztiak gordeta.
Joomla! GNU/GPL lizentziapeko software librea da.